Diskoa Durangoko azokan aurkeztu ondoren, “Negarraren Amorrua Tour 2000” birari hasiera eman zioten. Bira horretan Castellonera eta Gironara ere iritsi ziren. Hartara, 200 orduko iraupeneko zinta grabatu zuten. Material hau guztia aprobetxatzearren, bideoa argitaratzea pentsatu zuten. Horretarako, Kafe Antzokiako kontzertua oinarri hartuta, beste irudi batzuk gaineratzea erabaki zuten, baina jendetza izugarria izan zela eta, ez ziren gustura geratu emaitzarekin eta Basauriko jaietan saiatu ziren berriz ere egiten, lau kamera mugikor eta finko bat irudiak grabatzeko prest zituztela. Darwin ekoiztetxeko Iñigo Salaberria izan zen lanaren arduraduna, Gorka lagun izan zuela taldeak zituen gainerako irudi guztiak bildu eta haien artetik entresaka egiterako orduan. Mikelo Bilbaok eta Lamiña Producciones-eko Natxo Libertyk soinua nahastu zuten, 8 pistako mahai batean grabatu ondoren.
Kontzertuaren soinuak eta gainerako irudienak hainbat gorabehera zituen arren, Durangoko 2001eko azokan plazaratu zen “Infernuaren azken hauspoan” bideoa.