Taldeak hamaika kantu besapean zituela, 2000ko irailaren 25ean Elkar-eko estudioetan sartu zen “Negarraren amorrua” grabatzeko, lan horretan inpotentziari eta amorruari aterabidea eman nahian.
Aldi hartan César Ibarretxek teknikari lana eta Haritz Harreguyk ekoizpena egin zuten. Aitor Abiok, PILT-eko teklatu-jotzaileak, lagundu zion taldeari aipatu sentimenduak adierazten.
Bestalde, Haritz Urrutiak, NORAEZEAN taldeko baxu-jotzaileak, “Otsoen habiaren” sarrera grabatu eta Rakel Uriarte zaletu gazteak “Negarra Part. I” kantuan ahotsa sartu zuen. Juanma Aramendik azalaren diseinu paregabea egin zuen.
Juanjok, Landerrek eta Mikelek ere lan eskerga egin zuten hitzak idaztean.
Gorkaren ahotsak garrantzi handiagoa hartu zuen disko horretan eta, orduz geroztik, gehiago nabarituz joan da haren ekarpena Haritz Harreguyrenarekin batera, aurreko lanetan baino soinu landuagoa eta gogorragoa lortzean, bai estudioan bai zuzenean.