BERRI TXARRAK taldeko Gorka Urbizuk ere pianoa jo zuen “Arimaerratu” abestiaren bukaeran. Niko Garcíak baxua apala jo zuen “Zure kemena” kantuan eta “aitite” Pedrok, NORAEZEAN taldeko gitarra-jotzaileak, hazkainak erre zituen “Amalur” kantuaren punteoan. Honetaz guztiaz gainera, nola ez!, Juanjok hainbat hitz idatzi ezezik, agurreko bertsoa ere bota zuen. Baita ere lagundu ziguten Haritz Harreguyk, moldaketa batzuk eginez, Lander Arrasatek, zenbait hitz idatziz, UTIKAN taldeko Rafak, bere “gezia” zorroztuz, Kaki Arkarazok, “Les Paul” lagun zuela eta Latzenekoek, anpli bat utziz. Mikelek, Landerrek eta Juanjok gaztelerazko itzulpenak egin zituzten eta frantsesezkoak Verónica Urresolak.

Diskoa 1999ko apirilaren 6an plazaratu zen. Lesakako Atxaspi tabernan aurkeztu zuten lau egun geroago. Harrezkero, ARIMAERRATOUR birari ekin zioten.