Orduz geroztik, bigarren diskorako kantuak prestatuta, Donostiako Elkar-eko estudioetan sartu eta grabatzen jardun zuten 1999ko otsailaren 4etik 19ra bitartean. César Ibarretxe eta Latzenen zuzeneko teknikaria Haritz Harreguy izan ziren nahasketen arduradunak.

Disko hartan lankidetza asko izan ziren. “Marierrauskin” abestian Juleni utzi zioten bateria jotzen, haren laguntza eskertzearren; bai eta diskoaren liburuxkan haren lehenengo jaunartze eguneko argazkia sartu ere! Andoni Riosek, THE TRASTEN TRASTE taldeko abeslariak, liburuxkaren azalaren eta barrukaldearen diseinuaz gainera, “Gaztemina” abestiaren ahapaldi batean abestu zuen. Abesti horretan talde bereko bateria-jotzailea den Ahoztar Larreak ere ahotsa sartu zuen KOMA taldeko Brigido Duquerekin batera. “Lur” kantuan talde horretako teknikaria den Miguel Aizpunek teklatua jo zuen.