Behin entseguak egiteko lokala aurkitu eta instrumenturik merkeenak inguratu ondoren, taldeari izena jarri behar zioten..., hura beharlekua! Hamaika aukera bazituzten: IRON MAIDEN, baina zoritxarrez ezezagun batzuek aurrea hartu zieten; DEEP PURPLE, guiski baten marka ote?; edota MILLI VANILLI, ze izozki klase da hori!? Azkenik, erabakia hartu zuten: IDI BIHOTZ. Hura izena eta hura burutazioa Mikelek izan zuena egun batean euskaltegian klase ezin aspergarriagoa jasotzen ari zela!

METALLICA, MAIDEN, ANTHRAX, SUTAGAR, URTZ, EH SUKARRA, EXKIXU, PLATERO Y TÚ, besteak beste, erreferentzia gisa zituztela aurreneko saioetan, pixkanaka-pixkanaka “Itxasoan gaindi”, “Idi Bihotz” eta “Aoisimusni” lehendabiziko jatorrizko abestiak sortuz joan ziren.