Bilbon, 1996ko abuztuan. Zenbait bertsio joz ondo pasatu nahian, Basurtuko lau gazte bildu ziren udamin bero hartan. Ezer gutxi zekiten arren, Josuk, bateria jotzaileak, eta Mikelek, gitarra jotzaileak eta ahots nagusiak, aspaldidanik zuten gogoan hartuta taldea sortzeko asmo sendoa. Izan ere, Mikelek mezatan jotzen zuen gitarra; ikusgarria, alajaina! Are ikusgarriagoa Josuk etxean kazolaz eta sukaldeko gainerako tresnaz osaturiko tramankulua edo... bateria. Gorkak, Mikelen anaia gazteenak, ere gogoz onartu zuen anaia zaharrenaren proposamena. Gainera, bazekien apur bat gitarra jotzen... Baxu jotzailea baino ez zitzaien falta. Ahalbait arinen hasteko, handik pasa zen lehena hartzea erabaki zuten, nor eta Iban, bien lehengusua; ez zekien tutik ere, baina bazuen ikasteko gogorik... Behin elkartuz gero, entseguak egiteko lokala behar zuten. Jainkoarren!!! Deabruaren gurtzaile izaki, non eta Gaizkinak Eskaut Taldearen egoitzan lokal ezin aproposagoa topatu zuten eskaut kumeok!!!